XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Akapulko-ko Murgilariak Han, goian, gizonak besoak jasoak zituen bere buruaz gaindik, eta uraren erritmuari begira-begira zegoen.

Olatua orroaka sartzen zen haitzartera, eta mila oihartzunetan errepikatzen zen zarata sorgorra ateratzen zuen.

Zirimola apartsuek inguratzen zituzten haitz mutur guztiak, eta hauts bustizko lanbroa sortzen zen sakonetik.

Gero, urak atzera egiten zuen haitzak mihiztatuz, beste behin ere amorru berrituz lehengo lekura sartzeko.

Ikusleek eutsi egin zioten harnasari; ilunabarreko azken eguzki izpiak argiturik, itsasoaren gain hogei ta hamabost metrotara isladatzen zen silueta txikian tinkatu ziren begi guztiak.

Abiada hartzen ikusi zuten gizona eta, besoak zabalik zituela, aurrerantz oldartzen.

Memento bat iraun zuen husgunean erortzeak; gero, apar artean ezkutatu zen gorputza.

Zenbait ikuslek hasperen ito bati jarein zion; ia-ia, garraisia egin ere bai; baina berehalaxe murgilariaren burua irten zen uretatik, eta beronen eskuina altxatu zen agur eginez.

Turistak jauzi hura ikusten zeuden tranpal guztia, txaloz eta miresmenezko iruzkinez bete zen.

Akapulko-k, Mexiko kostaldeko hiri eder honek, turistari eskain diezaiokeen mila erakargaietarik bat: murgilaria edo clavadista bat jauzi egiten ikustea.

Mexikarrentzat hacer un clavado, uretan murgil edo txonbo egitea da.

Murgilariek txonbo egiten duteneko tokiari La Quebrada deritza, eta zabalean sei metro besterik ez duen kaleska hestu bat da, inguruan faralloi arrokatsu garaiak dituena.

Ikusteko gauza da nola gizon hauek jauzi kirolen historian zehar berezko bihurtu den kirol hau profesiozko bizibide bat egin duten, beren bizia etengabeko arrisku batetan jartzen dutelarik.

Zenbat murgilarik utzi duten beren bizia jauzi horietan!.

Goian, eskuinetara, murgilaria itsasora jauzia egiteko zorian. Ezkerretara, jendea ikusgarriari begira.